Sofbola: emakumeak nagusi


HEMEN ZAUDE: Sarrera »  Argitalpenak »  Mugi! kirol aldizkaria »  Mugi 36 2007/04 »  Sofbola: emakumeak nagusi

Gaurkoa eta biharkoa

Vicky Perez eta Eder Novo

Eder batearekin pilota astindu nahian; atzean, Vicky
eskularruarekin erne, Ederrek huts egiten badu ere.
Emakumezkoen bate jokoa
Kirol berri samarra da sofbola geure artean. Vicky Perez (21 urte) eta Eder Novo (17 urte) jokalariekin hitz egin dugu emakumeak nagusi diren modalitate honi buruz.
Agian askok jakingo duzue sofbola kirol bat dela… ala agian ez. Zer da, bada, sofbola? Vicky Perez Atlético San Sebastián taldeko jokalariak honela esan digu hitz gutxitan: “AEBetatik datorren kirola da, geure artean berri samarra, beisbolaren antzekoa, baina ezaugarri ezberdinak dituena”.

Beisbolean pilota gerriaren goitik jaurtitzen da eta sofbolean, berriz, gerriaren azpitik. “Bateak nahiz pilotak ere ezberdinak dira. Sofboleko pilota handiagoa eta astunagoa da, eta zelaiaren neurriak ere txikiagoak dira. Finean, beisbola kirol motelagoa da eta sofbola, biziagoa, mugimendu handiagokoa”.

Bizitza laburra Duela urte gutxi hasi zen sofbola Donostia aldean praktikatzen. Eder Novok 17 urte besterik izan ez arren, urte batzuk daramatza honetan. “Hamar bat urterekin heldu nion kirol honi; taldeko entrenatzaileak animatu ninduen probatzera, gustatu eta gaur arte, pozik dihardut”. Vicky, berriz, Mundaiz ikastetxean hasi zen sofbolean, “baina talderik ez genuela-eta, Atlético SS taldean sartu nintzen”.

Kirol hau ezagutu eta praktikatzen dutenak oraindik kopuruan asko ez badira ere, gero eta talde nahiz jokalari gehiago daude. Vickyk aitortu duenez, “ni sofbolean hasi nintzenean, hiru talde besterik ez zeuden EAEn: Orioko OBB, Irungo San Marcial eta Atlético SS”. Orain, berriz, taldeen kopuruak gora egin du Gipuzkoan, nahiz eta Donostian egoera hain baikorra ez izan. “Easoko taldea desagertu da, Egiakoak ez du ia bizitzarik; geure taldea bakarrik geratzen da Donostian”.

Arau asko Arau asko dituen kirola da, eta Ederrek onartu du horiek hasieran behar bezala ikastea kostatu egiten dela. “Keinuak ere asko daude taldekideekin komunikatzeko, eta horiek behar bezala ikastea da gauzarik zailena sofbolari ekiten diozunean”. Ederrek esandakoari, Vickyk zera erantsi dio: “Kirol honetan garrantzitsuena kontzentrazioa da beharbada». Denbora luzean gauza handirik egin gabe egon daiteke jokalaria, eta bat-batean bizkor erreakzionatu beharra du, eta erreakzio horren arabera, emaitza ona edo txarra lortuko du taldeak jokaldi horretan”. Teknika jardunaren jardunez eskuratzen da, “baina kontzentrazio maila altuari eustea askoz zailagoa da”.

Emakumezkoak nagusi Beisbolean gizonezkoak aritzen dira, eta geure artean, sofbolean, emakumezkoak dira nagusi. “Nire iritziz, -dio Vickyk- gizonezkoak ez daude ohituta halako kontzentrazio maila handia izatera; beisbolean ez da hainbeste behar hori, bai ordea indar fisikoa, eta haatik, nahiago dute beisbolean aritzea”.

Ederrek 17 urte izan arren, nagusien Espainiako selekzioaren kontzentrazio batean parte hartu berri du Vickyrekin batera, “eta egia esan behar bada, nagusiagoen eta Ederren arteko aldea ez da askorik nabaritzen jokoan. Primeran moldatu da Eder”, azpimarratu du Vickyk. Azken honek, berehala: “Vicky ere bai, Vicky ere bai! Jokalari ona ez ezik, primerako taldekide eta laguna da bera!”.

Biak ala biek Atlético San Sebastiánekin Ohorezko Mailan jokatzen dute, sofboleko maila gorenean, hain zuzen ere. Eta hala izanda ere, “ikastetxe bateko jolastokian entrenatzen dugu”, salatu du Vickyk, “eta ahal dugunean Atlético SSen zelai arfizialean. Partidak, berriz, Herrerako futbol zelaian jokatzen ditugu, baina ezin ditugu entrenamenduak bertan egin”, adierazi du Vicky Perezek.


Sara Santos

Eder Novo

Sorlekua: Donostia.
Adina: 17 urte.
Taldea: Atlético San Sebastián.
Ikastetxea: Mundaiz (Lehen Batxilergoa).
Vicky Perez

Sorlekua: Errenteria.
Adina: 21 urte.
Taldea: Atlético San Sebastián.
Ikastetxea: EHU, Matematikak (3. maila).